Sakeleko telefonoak, berriz kargatzeko bateriak eta energia iturri ezberdinak
Aspaldiko partez, berriz idazten ari naiz beste sarreratxo bat blogean. Izan ere, familiak eta lanak, bloga sortu aurretik susmatzen nuen denbora txikia uzten didate. Hain zuzen ere, gaueko ordu txikietako bakardade eta lasaitasunez baliatzen ari naiz zertxobait idazteko. Honetan, sakeleko telefonoei eta berriz kargatzeko bateriei ekingo diet.

Sakeleko telefonoa
Egungo telefonoak galtzen ari dira beren xede nagusia, telefonoz hitz egitea, alegia, beste erabilpen askoren mesedetan, musika entzun, liburuak irakurri, internetera sartu, argazkiak eta bideoak atera, irratia entzun, jolastu, esku-argia, eta abar eta abar, eta egia esanda, hori guztia oso ondo dago, horrelako gailu txiki batean funtzionalitate horiek guztiak eraman ahal izatea primerakoa da, baina, nire iritiz sakeleko telefonoen bateriek eta bateria horien kargak ez dute aurrera egin neurri berean. Zenbat eta funtzionalitate, kolore eta argi gehiago eduki orduan eta gutxiago irauten du telefonoaren bateriak, eta nire iritziz sakeleko telefonoen sortzaileei, falta zaie, oraingoz behintzat, bateria horiek kargatzeko beste energia iturri batzuk asmatzea, teknikoki ez dut uste oso zaila izango denik eta beste gailu askoz sinpleago batzuk, bide hauteaz baliatzen dira bateria edo pilak kargatzeko edo beren iraupena luzatzeko. Esaterako, erloju arruntak aurki ditzakegu mugimenduarekin edo eguzki energiarekin kargatzen direnak, ez aipatzearren, antzinako eguzki kalkulagailuak. Nola da posible, orain arte, hainbeste aplikazio ezberdinak txertatu izana sakeleko telefonoetan eta baterien iraupena luzatzeko hain praktikoak eta sinpleak izan daitezkeen bide hauek ahaztu izana? Horrelako gailu eramangarri baterako, logikoa da oraindik mantentzea entxufe baten menpekotasun hutsa kargatu ahal izateko?
Ez dut aipatuko jada, kargagailuen estandarizazioa eta ez marka bakoitzak bere sarrera propioa erabiltzea, eskerrak, hau behintzat aldatuko omen dela 2012rako. Hala bedi.

