Erabiltzaile bakoitzak, jakinaren gainena ala jakin gabe, Facebooki ematen dizkion datuekin, sare soziala erabiltzaile guztien profila eratzen joaten da. Era honetan, erabiltzaile bakoitzaren datuei esker, iragarki eta publizitate bideratua erakus diezaieke sare sozialeko erabiltzaileei.
Bada, Facebookek bere iragarki pertsonalizatuak beste webguneetara ere hedatu nahi ditu bere erabiltzaileen datuez baliatuta, Facebookek berak iragarri duenez. Horretarako, 2013ko martxoan Microsofti erositako Atlas Solutions irtenbidea erabiliko du.
Cookie-etatik haratago, pertsonak.
Facebookek bere egitasmo honetaz “pertsonengan oinarritutako marketing”-aren ideia nabarmendu du “cookie-etan oinarritutako marketing”-aren ideiaren ordez. Alegia, Facebookeko erabiltzaileak direnei eta ez direnei buruz duen informazio guztia erabilita, edozein webgunetan publizitate segmentatua eskain dezake. Hau da, Google Adwords-ek egiten duena baino haratago joanda.
Erabiltzaileak diren eta ez direnei buruzko informazioa erabiliko du
Arestian esan bezala, ez du soilik Facebookeko erabiltzaileak direnen datuak erabiliko, sare sozialaren erabiltzaileak ez direnen datuak ere metatzen omen doa sare soziala, hainbat alditan baieztatu den legez. Bere erabiltzaileak ez direnen datuekin ere erabiltzaile hauen ezkutuko profila eratzen joango litzateke sare soziala.
Eta bere erabiltzaileak ez badira, nola pila dezake pertsona hauei buruzko informazioa? Ba, Facebook botoiak edo widgetak dauden webguneetan sartzen direnean edo Facebookeko erabiltzaileek “Bilatu lagunak” aukera erabiltzen badute webgunetik edo telefonotik, besteak beste.
Beraz, Facebook erabiltzailea ez izan arren ere eragina eduki dezake.
Pribatutasuna jokoan
Baina honek guztiak arazo bat dakar, cookiak anonimoak dira, gailu eta nabigatzaile batekin lotzen dira. Facebookeko profilek, ordea, izen eta deiturak dituzte, edo beste era batean esanda, pertsonekin lotzen dira, eta jarraipena pertsona horrek erabiltzen dituen gailu guztietan egiten da, tabletetan, telefonoetan, ordenagailuetan, edo hozkailuan ere Internet konexioa badauka.
Beti esan da, Interneten zerbitzu bat doan erabiliz gero, erabiltzailea bera dela produktua. Nik ez diot hau txarra edo ona denik, baina bederen erabiltzailea horretaz jabetu behar da, eta kontzienteki, hori jakinda, plataforma erabili nahi duen ala ez erabaki. Erabiltzaileak une oro ezagutu beharko lituzke plataforma bakoitzak berari buruz dituen datuak eta datu horiek ezbatzeko aukera izan.
Kasu honetan, Facebookek erabiltzailearen profil pribatu honetara sartzeko eskubidea dauka baina erabiltzaileak berak ez. Hori, gutxi balitz ere, Facebookeko erabiltzailea ez izan arren, zure profil ezkutua ere gorde dezake.
Egia esanda, ni neu gero eta aspertuago nago Facebooke-kin, pribatutasun arazo hauetaz gain, nekatuta nago nik izena eman ez dudan taldeetako mezuak eta jakinarazpenak jasotzeaz edo Candy Crush edo Farmville bezalako jokuetarako gonbidapenekin. Facebookek ere alde onak dauzka, jakina, baina desbantaila hauek guztiek abantailei pisua kentzen diete.
Utzi erantzuna