Jende askok IP kamerak erosten ditu etxeetan edo bulegoetan bideozaintza sistema bakunak montatzeko, bai segurtasun sistema bezala, bai ume txikiak zaintzeko asmoz, esate baterako.
Egia esanda, nahiko irtenbide jatorra da eta gainera, software librea eta doakoak diren hainbat aplikazio daude horrelako sistemak sortzeko, mugimendua antzematen dutenak, besteak beste. Aplikazio zerrendatxo bat idatzi nuen Zibergelan: http://zibergela.bitarlan.net/2010/12/09/web-kamera-bidezko-bideo-zaintza-sistema-etxean/.
Hala ere, kontutan hartu behar da, IP kamera hauetara sartzea ez dela batere zaila lehenetsitako pasahitza aldatu ezean. Ez da inolako sistema apurtu behar, IP kamera bakoitzak, gehienetan, helbide publikoa du Interneten, horrela IP kamera horren jabeak sakelako telefonotik eta edozein lekutatik irudi jarioa ikus dezake. Kontua da, IP kamera horiek emitizen dituzten irudiak ikusteko, erabiltzailea eta pasahitza eskatzen dituztela, eta fabrikatzaile bakoitzak lehenetsitako sarbideak ezartzen dituzte, lehenetsitako sarbide horiek beraz, publikoak dira. Google-n ere posiblea da IP kameren helbideen bilaketak egitea, hemen azaltzen den bezala: http://www.insecam.org/faq/. Emaitzetan agertzen diren lotura guztietan ezin da sartu, logikoki, baina batzuetan bai.
Beraz, IP kamera-ren lehenetsitako pasahitza aldatu ezik, baliteke IP kameraren bitertez, etxeko edo bulegoko irudi pribatuak igortzen ari izatea.
http://www.insecam.org/ webgunean ikus daiteke kamera publikoen zerrenda, dagokion estatuan klik eginda, agertzen dira estatu horretako kamera publikoak, eta zerrendan, parentesien artean estatu bakoitzean zenbat kamera publiko dauden adierazten dute. Arakatuz gero, Euskal Herriko batzuk ere ikus daitezke.
Zorionez, fabrikatzaile askok jada neurriak hartu dituzte eta instalazioan pasahitzak aldatzera behartzen dituzte erabiltzaileak. Hau jakindakoan, erabiltzaile askok ere beren IP kameren lehenetsitako pasahitzak aldatu dituzte eta webgune honetan agertzen diren kamera publikoen zenbakia murrizten joan da neurri handi batean.